Gobierno Vasco

   Osasun Unitate honetako eskola zerbitzuak akutuen Unitate batean ingresaturik

dauden eta aldi bateko heziketa behar bereziak dituzten ikasleak hartzen ditu.

 

   Hezkuntza Sailaren menpe dauden ikastetxe publiko edo kontzertatuetan

matrikulaturik dauden ikasleak dira eta, nahiz eta aldi jakin batez eskolara

joaterik izan ez, matrikulari eutsi eta ikasturtea gainditu ahal izateko eskubidea

dute.

 

    Aldi batez beren eskolara joaterik ez duten ikasleen hezkuntza garapena bermatzea

bilatzen du ikasgela zerbitzuak eta, ahal den neurrian, jarraipena ematea ikastetxean

egiten zuten lanari. Hori izanik jomuga nagusia, gure eskola zerbitzu honek

helburu zehatz hauek nabarmentzen ditu eta lortu beharrezkotzat jotzen:

 

a. Ikasle bakoitzarekin egingo dugun lana, bera dagoen ikasketa mailari dagozkion

oinarrizko helburuak lortzera bideratuko dugu. Beti ere, curriculumeko ikasketa

arlo nagusietan egingo da ahalegin hori.

 

b. Beharrezko diren egokitzapenak eginez, ikasketa arlo desberdinetan ikasleak

dituen gaitasunak ahalik eta gehien garatzea bilatuko dugu, kontuan hartuz hark

egina duen eskola ibilbidea eta gaur egun bizi duen egoera.

 

c. Ikasleari ikasturtea gainditzea eta kurtsoz promozionatzea ekarriko dioten eskola

emaitzak lortzea bilatuko dugu harekin batera. Jarraitu beharreko bidea,

jatorrizko ikastetxeko tutore eta irakasleekin adostuko da.

 

d. Gure jardunaren helburu izango da, halaber, ikasleen hezkuntza egoerari nahiz

egoera pertsonalari dagokionean, ospitalean egoteak eragin ditzakeen ondorio

kaltegarriak saihestea edo, gutxienez, leuntzea.

 

e. Norabide berean, heziketazko erantzun egokitua, malgua eta kalitatezkoa ematen

saiatuko gara, eskola gelako jarduera oztopo ez, baizik eta lagungarri gerta dadin

ikaslearen osasun mentalaren hobekuntzarako.

 

f. Eskola gelan, informazio eta komunikaziorako teknologien erabilera egokia

bultzatuko dugu, ikasleen informazio eta komunikazio prozesuetan tresna

lagungarriak izan daitezen. Dena den, gogoan izan behar dugu oso muga

zehatzak jartzen zaizkiola Psikiatria Unitate honetan horrelako tresnen

erabilerari.

 

g. Ikaslearen ospitalizazio aldia amaitu ondoren, ohiko ikastetxera egingo duen

itzulera errazten saiatuko gara. Horretarako, osasun arduradunen, gurasoen,

ikaslearen beraren, eta hango eta hemengo irakasleen plan adostu bat jarraituko

da.

 

Helburu orokorrei dagokienez, gure egiten ditugu Hezkuntza Sailak ezarri eta

gure ikastetxeak Hezkuntza Proiektu Orokorrean jasotzen eta formulatzen dituenak.

 

© O.E.T-H GIPUZKOA
Telefonoa: 943369103 | 013393aa@hezkuntza.net