AURKEZPENA

  • Haur eta nerabeen Psikiatria Unitateko eskola-zerbitzua Donostia Unibertsitate Ospitaleko Psikiatriako eraikinean aurkitzen da.

    Harremanetarako datuak honakoak dira:

    E-maila: benate@oethgipuzkoa.org

    Tel.: 648201934

    Helbidea: Dr. Begiristain kalea z/g, 20014 – Donostia

    Psikiatriako eskola-gelak, Pediatriako eskola-gelarekin batera, OETH Zentroaren Ospitaleko Esparrua osatzen dute.

    Eskola gela honetan, jardun osoko irakasle bat dago, Hezkuntza Orientaziokoa; eta arlo guztietan ikasleek egiten duten lanari jarraipena ematea da bere helburua. Bestalde, ikasleen arlo zientifikoaz arduratzen den beste irakasle bat dago, asteko goiz bat eta arratsaslde bateko jarduna duena.

 

IKASLEAREN ITZULERA

  • Ospitalean egon beharreko aldia amaitutakoan, ikasleak ohiko ikastetxera egingo duen itzulera errazten saiatzen da eskola zerbitzu hau eta, horretarako, osasun arduradunen, gurasoen, ikaslearen beraren, tutorearen eta irakasleon plan bat lantzen da.

    Ikastetxera itzultze hori samurragoa egingo dioten aspektuak lantzen eta adosten dira: ikasleak une horretan bizi duen egoerari buruzko informazioa, ikastetxera itzulitakoan jarraitu beharreko urratsak, ikasketa prozesu arruntean eta irakasle eta ikaskideekin izango dituen harremanetan eragozpen handiegirik gabe sar dadin ikaslea.

 

ESKOLA ZERBITZUAREN FUNTZIOAK ETA HELBURUAK

  1. Gipuzkoako edozein herritako 10 eta 17 urte bitarteko nerabeak hartzen ditu zerbitzu honek, Donostia Unibertsitate Ospitaleko Haur eta Nerabeen Unitate psikiatrikoan ingresaturik daudenean.
  2. Ikasle bakoitzarekin egiten den lana, bera dagoen ikasketa-mailari dagozkion oinarrizko helburuak lortzera bideratzen da. Beharrezkoak diren egokitzapenak egiten dira, kontuan izan behar baitira ikasleak gaur egun bizi duen egoera eta eskola zerbitzu honek dituen mugak. Unitateko ikasleek ikasketarako duten ordu-kopurua 14 ordu ingurukoa da astean.
  3. Horrelako egoera batean posible den normaltasun handiena eskaintzea ikasleari, duen adinarekin bat datozen jarduerak burutzea, eta ikastetxera eta ingurune pertsonal ohikora itzultzea samurragoa egingo dioten aspektuak lantzea, eskola jardueraren jomuga dira.
  4. Aldi bateko heziketa behar bereziak dituzten ikasleak dira, eta heziketazko erantzun egokitua, malgua eta kalitatezkoa izan beharko du. Gainera, eskola jarduerak ez du oztopo izan behar, lagungarri baizik, osasun egoera hobea berreskura dezaten.

 

GURE LAN METODOLOGIA

Ez ditugu programazio berezi eta independenteak egiten, iraupen laburreko ingresatuekin ez bada.

Ikasleekin eskola gelan egiten dena, funtsean, lan kurrikulara da. Lan hori lotuta dago beren ikastetxean lantzen ari diren curriculumarekin.

Horrexegatik, gure lanaren ardatz bihurtzen da ikastetxeekin lankidetzan aritzea: ikaslearen heziketa taldea osatzen duten irakasleekin eta, batik bat, tutorearekin.

Tutorea da erreferente nagusia guretzat, berak koordinatzen baititu hango irakasleak, eusten die gure gelarekiko harremanei eta baita Unitateko psikiatra eta psikologoarekikoei ere, beharrezkoa denean.

Haiek eta guk, elkar hartuta, Lanerako Plan Banakakoa osatzen dugu ikaslearentzat. Plan horrek eskatzen du:

  1. -Curriculumean oinarrizko dena, hots, irakasgai nagusiak eta hauen eduki eta helburu oinarrizkoak hautatzea, ikasketetan jarraitzea eta ikasleak aurrera egitea baldintzatzen dutenak, alegia.
  2. -Beharrezkoak diren materialak prestatzea; edukiak zehaztea, eta horiek lantzeko eta ebaluatzeko moduak egokitzea ikasleak bizi duen egoerara eta Psikiatria Unitateak ezartzen dituen mugapenetara.
  3. -Adostea lanak egiteko erritmoak eta, behin amaituta, ikastetxera bidaltzeko epeak.

ESKOLA ZERBITZUA, OSASUN ARDURADUNAK ETA IKASTETXEAK

  • Osasun arduradunek ikasleak ahal duela eta komeni zaiola erabakitzen dutenean hasten da eskola lana hemen, eta orduan jartzen gara harremanetan dagokion ikastetxearekin.
  • Ahal dutenean, ikaslearen egonaldia laburra ala luzea izango den adierazten digute, ikaslearekin zein modutako lana egin genezakeen jakiteko edota Lanerako Plana ikastetxearekin batera egiterik badagoen ikusteko.
  • Osasun arduradunek erabakitzen dute noiz alta eman ikasleari etxera eta ikastetxera itzul dadin.
  • Komunikazioa eta koordinazioa gu ikastetxera joanez eta/edo telefono edo korreo elektroniko bidez egiten dugu, eta ikaslea ospitalean dagoen bitartean irauten du.
  • Tutoreak ematen digu ikasleak izan duen eskola ibilbideari buruzko lehen informazioa, eta hari ematen diogu ospitalean ingresatuta dagoen bitartean ikasleak duen bilakaeraren berri ere.
  • Ospitaleko egonaldiaren bukaeran eta behar diren hainbatetan, tutore horrek jasoko du Psikiatria Unitateko eskola jardunean ikasleak egin duen lan guztiaren berri.